logo


Alkatearen agurra

Urte osoa itxaroten emon ostean badatozkuz 2019ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Bereziak dira bermeotarrontzako irailaren 7 eta 16 bitartean daukaguzan hamar egun eta hamar gauak; betiko moduan geure barru-barrutik daukagun onena atarateko prest gagoz topera disfrutau ahal izateko, eta zelan ez, mundu osoari erakusteko bermeotarrak betidanik euki dogun “dxaza” bizi-bizirik dagoela oraindino be. Guzti honengatik Bermeoko jaiak bost zentzumenakaz bizitzera gonbidatu gurako neuke mundu guztia; herritarrengandik hasi eta kanpotik bisitan etorri gura daben dan-danetaraino.

Begidxek igiri badau zer ikusi eta!
Gure jaiak bere kolore propioa daukie. Bermiotarrok mahoiak eta zapia jantziz, Kantauri itsasoa baino urdinago koloreztatuko dogu geure herria. Geure izaera, geure kolorea.

Ño, iparretik zein hegotik usein gozotxue dator, ba!
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek euren usain propioa daukie. Itsasoko haizeak dakarzkun kresal usainak, gure mendi eta auzoetatik datozkun usainagaz bat egiten dau. Itsas-ondoan bizi garan baserritarrak eta mendiz inguratuta bizi garan itsastarrak gara gu eta hori jaietan be usaindu egiten da.

Dana total gozo!
Badago zer dastatu gure jaietan. Sukalki eguneko gisaduetatik hasi, Santa Eufemia eguneko talo eta bertoko produktuetatik pasa, eta ezin ahaztu, gure herriko txoko desberdinetan gozatu geinkezan produkturik onenakaz eginiko pintxo eta delizia gozoenak. Ez dago atxakiarik gosez ibilteko!

… eztauela Bermiolakorik…
Entzun adi! Edade guztietako publikoari zuzenduriko kontzertuez gain, gure jaiak badaukielako bere musika propioa be. Ez dago gauza ederragorik kale zein mahai baten inguruan, jai giroan, bermeotarrok geure kanta herrikoiak abestuten entzutea baino!

Agarra eskotik, bajadan guez eta!
Alkarrenganako errespetuagaz eta desbardinen arteko inplikazinoagaz, jai giro bete-betean, batak besteari eskutik oratuta egiten doguz guk biribilketak eta arroskoak. Heldu gogor eskutik, sentindu alkarrenganako beroa eta disfrutau topera momentu berezietaz! Ikusteko, usaintzeko, dastatuteko, entzuteko eta ikututeko moduko jaiak daukaguz, bai; baina ezin geinke ahaztu hau guztia posible izan daiten bermeotar asko eta askoren beharra, inplikazinoa eta konpromisoa dagozala atzetik. Bihotz bihotzez eskerrak agertu gura deutsiedaz, beraz, adin eta perfil guztietarako moduko programa aberats hau ekintzaz jantzi eta dana aurrera eroaten lagunduten daben herriko talde eta bolondreseri. Ezin ahaztu, baita be, urte osoan zehar hau guztia prestatuten buru-belarri lanean dabiltzan arduradunak, teknikariak, laguntzaileak… Guztiori mila esker!

Prepara mahonak eta atara zapidxek dana daku preparata topera disfruteteko eta!
Gora Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak!
Gora Bermio eta bermiotarrok!
Jai zoriontsuak euki daiguzala!

Aritz Abaroa Cantuariense
Bermeoko alkatea