logo


Alkatearen agurra

Urte luze bi itxaron behar izan doguz, baina azkenean, aurten, bermeotarrok geuk dakigun erara ospatu ahal izango doguz Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Zoritxarreko osasun-krisiak gu guztion bizimoduak goitik behera astindu dauz eta ondorioz, asko eta asko izan dira egokitu edota bertan behera itxi behar izan doguzan ohitura zein zereginak. Hori gitxi balitz, legez geure guztion arteko hartu-emonetan be astindu ederra emon deusku pandemiak. Hain gustoko eta ohiko doguzan familiarte edota lagunarte gozoenak be eten edota murriztu egin behar izan doguz.

COVID-ak bere aurretiko eta osteko sasoiak markatu dauz. Seguru asko ordura arte izan doguzan zenbait ohitura ez doguz berreskuratuko; zoritxarrez maitatzen doguzan zenbait pertsona ez doguz barriz gure artean izango, eta lan-jardunetan sartu diran aldaketa asko betirako geratuko jakuz.

Hau guztia holan bada be, badira sekula ezerk aldatu ezingo dauzan gauzak be. Bermeotarron “dxaza” eta “alegrentzidxe” ez dauz ezerk desagerraraziko. Momenturik latzenetan bat egin eta alkar laguntzeko dotea daukagula erakutsi dogu bermeotarrok geure historian zehar bizi izan doguzan zorigaiztoko uneetan, eta orain, pandemia osteko sasoian, girorik onena berreskuratu eta familiarteko zein lagunarteko unerik ederrenak berreskuratzeko gaitasuna eta gogoa daukagula erakutsiko dogu.

Irailaren 7tik 16ra bitartean geure jaiez disfrutatzea jagoku bermeotarroi gehien maite doguzan pertsonakaz inguraturik, eta beti egin dogun eran, bisitan jatorkuzanak besoak zabalik hartuz. Aukera aprobetxatu gurako neuke, zelan ez, jai honeek antolatzea posible egiten daben eragile guztiei eskerrik beroenak emoteko. Itzelezko ahalegina egin dozue urte bi honeetan zuon ekintzak egoeraren esanetara eta beharretara egokitzeko, sarri askotan bertan behera itxi beharra be eukirik. Baina orain, aukera sortu jakunean, barriro ehuneko ehunean izan zaituegu hortxe; lanerako gogotsu eta herriari eta herritarrei jairik onenak eskaintzeko konpromisoa berretsiz.

Alkarrenganako errespetua oinarritzat hartuz, desbardinon arteko topagune izango dira hamar jaiegunok. Ozen aldarrikatuko dogu ez dogula ezelako intolerantziarik onartuko; erasorik gabeko jaiak gura doguz eta guztion eginbeharra da honelako gertakariren bat ikusi edo somatuko bagendu unean bertan gogor salatzea eta guztion gaitzespena agertzea.

Era berean ez ahaztu jaietan be, Bermeo zeurie be badala. Herria txukun eta garbi mantentzeko ikaragarrizko esfortzua egingo dogu horretarako behar diran baliabide guztiak jarriz, baina geu guztion kolaborazinoa eta kontzientziazinoa ezinbestekoak izango dira geure Bermeo eder eukiten jarraitzeko.

Argi dago Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, geuk, bermeotarrok, egiten doguzala hain berezi. Abestiak dinoan legez, “…eztauela bermiolakorik”. Atara, ba, mahonak eta zapidxek dana daku preparata topera disfruteteko eta!

Gora Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak!
Gora Bermio eta bermiotarrak!
Jai zoriontsuak euki daiguzala!

Aritz Abaroa Cantuariense
Bermeoko alkatea