logo


Alkatearen agurra

Heldu jaku iraila eta irailagaz batera, aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak.

Heldu dira urte osoan ikusten ez doguzan lagunak ikusteko egunak, kuadrilla osoa batu eta Goiko plazatik behera bajadie egiteko egunak, Portuzarrean txarangaren atzean dantzan ibilteko egunak, Almikan untxi sukalkia egiteko egunak, tanborradan gogor joteko egunak, buruhandien aurrean eta erraldoien atzean ibilteko egunak, Lamerako kontzertuetako egunak, txosnan mozorrotzeko egunak… Zelako egunak!

Guk Bermeon jai egun asko daukaguz baina Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak bereziak dira, egun askotako jaiak diralako, parte-hartze handiko jaiak diralako, herrikoiak diralako… geureak diralako! Eta horrek mota askotako ekintzakaz gozatzeko aukera emoten deusku: umeentzako jolasak, gazteentzako kontzertuak, helduentzako ikuskizunak eta nagusientzako dantzaldiak… edo alderantziz, bardin da, hamar egunetan gauza asko egiteko aukera daukagu-eta.

Baina jai honeek antolatzeko jende askok aurretiaz lan egin behar izan dozue, baita jaietan be. Eta jai liburuko agur honen bidez zuoi guztioi udal taldearen esker ona adierazo gura deutsuet: udaleko langileak, tabernariak, dendariak, banatzaileak… Ezin zaituet ahaztu be, urte osoan borondatez lanean egoten zarien taldeetako kideok eta egun honeetan be, borondatez lanean jarraituko dozuenok: dantzariak, abeslariak, antzerkilariak, tanborradakoak, erraldoietakoak, txosna batzordeko kideak, Herri Babesakoak, janari txapelketetakoak, kirolariak, txistulariak, musika taldeetakoak… Horrenbeste zarie… eta ez neuke gurako inor kanpoan itxi! Zuek egiten dozue Bermeo handi. Dan danoi eskerrak!

Aurtengo jaiak iragarteko kartelak erakusten deusku, biribil txikiakaz Xixili handia egin ahal dala. Holakoak gara gure herrian, txiki askoren lanagaz gauza handiak egitekoak!

Ezin ahaztu arrazoiren batengaitik edo besteren batengaitik gugaz egongo ez diranak. Zuek be geure bihotzetan egongo zarie, arroskuak dantzatzen zein Artza frontoian pelota partiduaz gozatzen!

Esan behar neban danok daukagula geure lekutxua jai honeetan, baina ez da egia. Gure jaietan eta gure herrian ez daukie lekurik erasoek eta erasotzaileek. Bardin da zein motatako erasotzailea dan; guk ez doguz gugaz gura. Eta argi euki daiela aurrean eukiko gaituela. Ez dogu bat be pasatzen itxiko!

Hau guztia esanda, bermeotarrok eta Bermeora etorriko zarien guztiok… izan daizuez itsosupeteko jaiak! Gora Bermeo!

Nadia Nemeh Shomaly
Bermeoko alkatea